options
search icon
email icon
EU
rrss gif icons
twitter icon
linkedin icon youtube icon

CAF Power & Automationek eta IK4-IKERLANek trakzio sistema berritzaile bat garatu dute tren arinago eta efizienteagoetarako

shape

Silizio karburozko (SiC) erdieroaleetatik abiatuta diseinatu den bihurgailu bat da, silizio karburoa tren sektorean erabiltzen hasi den materiala baita. Soluzio honekin bihurgailua % 30 txikiagoa izan daiteke eta % 20 gutxiago pisatu dezake, gaur egun erabiltzen diren gailuekin alderatuta eraginkorragoak izateaz gain. Emaitzak Roll2Rail proiektu europarraren barruan probatu dira.

CAF Power & Automationek eta IK4-IKERLANek trakzio sistema berritzaile bat garatu dute tren arinago eta efizienteagoetarako

25/09/2017

shape
youtube

Tren sektoreak trenak gero eta arinagoak, fidagarriagoak eta eraginkorragoak nahi ditu eta hori lortzea ahalbidetuko dioten soluzio teknologikoki aurreratuen bila ari da etengabe. Testuinguru horretan, CAF Power & Automationek, Gipuzkoako tren sistemen fabrikatzaileak, eta IK4-IKERLAN zentro teknologikoak trakzio elektrikoko sistema berritzaile bat garatu dute trenetarako. Horren bitartez, gaur egun erabiltzen diren gailuen neurria, pisua eta efizientzia energetikoa hobetzen den. Izan ere, % 30 gutxiago neurtzen dute, % 20 gutxiago pisatu eta %50 handiagoa da haien efizientzia energetikoa.

Silizio karburozko (SiC) erdieroaleetatik abiatuta diseinatu den bihurgailu bat da soluzioa. Silizio karburoa sektorean erabiltzen hasi den materiala da eta ohiko osagaiek eskaintzen dituzten prestazioak hobetzen ditu. Esaterako, kommutazio abiadura eta eroankortasun termiko handiagoak eskaintzen ditu, eta prestazioa horiek funtsezko faktoreak dira horrelako gailuei etekin handiagoa ateratzeko. Bihurgailuak funtsezko elementuak dira tren sistema baten funtzionamendurako, beraiek arduratzen dira-eta energia elektrikoa tren motorren trakzio indar bihurtzeaz.

“Proiektu hau SiC teknologia tren ibilgailuen bihurgailuetan aplikatzeko abiapuntu bat da, eta gure trenen ahalmenak handitzea eta energia aurreztea ekarriko du”, baieztatu du Txomin Nievak, CAF Power & Automationeko produktu garapeneko zuzendariak. Nievak gehitu du elkarlan honi esker Gipuzkoako enpresak bezeroei soluziorik hoberenak eskaintzeko helburua bete duela. “Mota honetako proiektuek laguntzen digute tren sektorerako sistemenen diseinuan eta fabrikazioan erreferente sendo izaten eta abangoardia teknologikoan jarraitzen”.

Garapena Roll2Rail proiektu europarraren baitan egin da, eta proiektua 2015ean abiarazi zen eta urri honetan bukatuko da. Ekimen hau Shift2Rail elkarte publiko-pribatuak bultzatu du, Europako Batasunaren Horizon 2020 programaren barruan, Europako tren industria modernizatzeko ekimen handiak koordinatzen dituen elkartea baita.

Roll2Railek 16 milioi euroko finantzaketa eduki du eta, CAF Power & Automation eta IK4-IKERLAN ez ezik, tren sektorean Europan erreferentzia diren hogeita hamar bat enpresak, zentro teknologikok eta erreferentziako unibertsitatek parte hartu dute.

Prototipo baten garapena

SiC teknologiak eskaintzen duen ahalmena frogatuta dago eskala errealean egindako prototipo batean. Prototipoa erakunde biek garatu dute elkarlanean eta tren garraioaren premia berriei erantzuten die, hala nola pisu gutxiago edukitzeko premiari eta energiaren aldetik efiziente izateari.

“CAF Power & Automationekin aritu gara, elkarren ondoan, enpresarentzat gaur egungoa baino eraginkorragoa den soluzioa lortu arte”, esan du Alejandro Rujasek, IK4-IKERLANeko Potentzia Bihurgailuen espezializazio lan taldearen arduradunak.

Trakzio ekipoetan silizio karburoa erabiltzeak potentzia nukleoaren bolumena eta pisua murriztea ahalbidetu du, bai eta elementu magnetikoena ere. Gainera, ohiko bihurketa sistemen eraginkortasuna hobetzea ere ahalbidetzen du, bihurketan galtzen den elektrizitate kantitatea gutxituta."

“Silizio karburoak oso ezaugarri bereziak ditu, beraz, arreta berezia egin behar da bihurgailuen diseinuan eta garapenean”, azaldu du Rujasek.

Aplikazioak hainbat sektoretan

IK4-IKERLAN aspaldi ari da belaunaldi berriko bihurgailuak lantzen, silizio karburozko erdieroaleak (SiC) eta Galio nitritozkoak (GaN) abiapuntu hartuta eta hainbat aplikaziotara bideratuta. Horrenbestez, proiektuak bide berriak ireki ditzake tren sektoretik haratago.

“Teknologia hau trenen trakzio sistemetan ez ezik sistemaren efizientzia eta bolumena funtsezkoak direneko bihurgailuetan ere aplikatzen da, esaterako ibilgailu elektrikoetan, industria sektorean edo energia berriztagarrien sektorean”, azaldu du Rujasek.

Zentzu horretan, Arrasate-Mondragón-eko zentro teknologikoa erreferentziako enpresekin elkarlanean ari da, hala nola Orona jasokuntza sistemen fabrikatzaileekin, bihurgailuak garatzen, igogailu efizienteagoak lortzeko.

Eremu honetako ikerketa aukera berriak irekitzen ari da, eta belaunaldi berriko erdieroaleek lehiarako balio handia eman diezaiekete gure enpresei, bai eta etorkizunean gizarte iraunkorragoa izateko bidean aurrera egiten lagundu ere”, esan du Rujasek bukatzeko.

IKERLANi buruz

IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentzian, ikertzaileen espezializazioan eta enpresari balio lehiakorra ematen, besteak beste bere ikertzaileen espezializazioagatik. Soluzio integralak eskaintzen ditu, hainbat eremu teknologiko uztartuz. Hori posible izateko arrazoia da hiru esparru handitan espezializazio maila handia duela: Elektronika, informazio eta komunikazioko teknologiak (EIKT), Energia eta Potentzia Elektronika, eta Fabrikazio Aurreratua. Gaur egun, langile taldea 300 pertsona inguruk osatzen dute.

CAF Power and Automationi buruz

CAF Power & Automation CAF Taldearen filiala da, zeina tren sistemen diseinuan eta fabrikazioan munduko erreferente baita. Trakzio, kontrol eta komunikazio eta ontziratutako energia metaketari lotutako soluzioak garatzen ditu, eta soluzio horiek 32 herrialdetako tren ibilgailuetan integratuta ikusi ditzakegu.

Konpainiak 250 enplegatu baino gehiago ditu, Donostiako, Irurako eta Madrileko egoitzetan eta Indian eta Estatu Batuetan dituen bulego komertzialetan banatuta. 

close overlay