• Datorren azaroaren 14an, IKERLAN zentro teknologikoak jardunaldi tekniko bat egingo du Arrasateko egoitza nagusian, Baterien bidezko energia-metaketarako sistemen segurtasuna izango du ardatz jardunaldiak; izan ere, eremu estrategikoa da mugikortasun- eta energia-irtenbide jasangarriagoetarako egungo trantsizioan. Enpresei zuzendutako jardunaldia doakoa izango da, azaroaren 7ra arte eskuragarri dagoen formularioaren bidez izena eman ondoren.

Izena emateko galdetegiaren esteka

Jardunaldian, IKERLANeko ikertzaileek eta sektoreko enpresa liderrek, hala nola BATIQ, CAF Power & Automation, Cegasa, Ingeteam eta NX Technologiesek, baterien segurtasunaren arloan sektoreak gaur egun dituen erronka nagusiak aztertuko dituzte. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: estandar zorrotzagoak bermatzera behartzen duten araudien gero eta eskakizun handiagoa; bateriaren bizi-zikloko fase guztietan segurtasuna bermatzeko beharra, diseinutik eta fabrikaziotik hasi eta garraio, instalazio, eragiketa eta birziklatzeraino; baterien kimika berriak sartzea, eta aplikazio geldikorrak eta mugikortasun elektrikokoak areagotzea.

Horrez gain, jardunaldian, IKERLANek baterien garapenean erabiltzen duen diseinu seguruaren metodologia ezagutuko dute bertaratuek, baita segurtasun-abusuko probetan eta segurtasunaren balidazioan dituen gaitasunak indartzeko eraikitzen ari den segurtasun termikoko laborategi berriaren xehetasunak ere.

Jardunaldiaren egitaraua:

8:30. Parte hartzaileen erregistroa

9:00 – 9:15. Ongietorria.
Xabier Sagartzazu, IKERLANeko Energia eta Mekatronikako zuzendaria.

9:15– 10:00. Segurtasuna biltegiratze-sistemetan.
Igor Cantero, BATIQeko zuzendari nagusia.

10:00 – 11:00. Mahai-ingurua: erronka teknologikoak baterien segurtasunean.
- Txomin Nieva, CTO CAF Power & Automation.
- Miguel Encabo, I+D Cegasa.
- Juan José Valera, Energy Storage & Management R&D Observatory Manager at Ingeteam Research Institute.
- Mikel Peral, CEO eta Co-founder NX Technologies-en.
- Moderatzailea: Maitane Garmendia, IKERLANen energia biltegiratze eta kudeaketako ikertzailea.

11:00 – 11:30. Etenaldia.

11:30 – 12:00. Bateria seguruen diseinua: gure metodologia eta segurtasun termikoko laborategi berria.
Nerea Nieto, IKERLANeko diseinu termofluidikoaren eta termomekanikoaren lantaldeko arduraduna.

12:00 – 12:30. Baterietarako elektronika segurua.
David Marcos, IKERLANeko hardware eta bateragarritasun elektromagnetikoko lantaldeko ikertzailea.

12:30 – 13:00. Potentzia-modulu baten diseinu termikoa eta segurtasun-diseinua aplikazio geldikorretarako.
Miguel Encabo, I+G Cegasa.

13:00 – 13:15. Itxiera eta ondorioak.
Xabier Sagartzazu, IKERLANeko Energia eta Mekatronikako zuzendaria. 

13:15: Luntxa.

Jardunaldia zuzenduta dago: baterien alorreko segurtasunean eta berrikuntzan interesa duten enpresei, gelaxkak, moduluak edo bateria-sortak garatzen dituzten fabrikatzaile eta integratzaileei eta beren ekipo edo produktuetan bateriak erabiltzen dituzten konpainiei. 

Topaketa interesgarria izango da, halaber, energiaren eta biltegiratze geldikorraren alorreko enpresentzat, baterietarako osagaien eta materialen hornitzaileentzat (adibidez, hozte-, isolamendu- edo BMS kudeaketa-sistemak) eta prozesu industrialen elektrifikazioan edo baterien kudeaketan eta birziklapenean parte hartzen duten konpainientzat.

Parte hartzeak aukera emango du sektoreko beste profesional batzuekin konektatzeko, sinergia teknologikoak aztertzeko eta irtenbide seguruagoak eta jasangarriagoak garatzen laguntzeko.

Ekimen horren bidez, IKERLANek sendotu egiten du industriaren eta ikerketa-zentroen arteko ezagutzaren transferentziarekiko eta lankidetza teknologikoarekiko duen konpromisoa, eta indartu egiten du erreferente gisa duen posizioa energia-biltegiratzearen arloan irtenbide seguruak, fidagarriak eta iraunkorrak garatzeko.

Seguridad en sistemas de almacenamiento con baterías

Topaketak sektoreko hainbat enpresa liderretako ordezkariak eta IKERLANeko ikertzaile taldea bilduko ditu, erronka teknologiko nagusiei heltzeko.

Seguridad en sistemas de almacenamiento con baterías