• Balazta-pedalean sartutako sentsore elektronikoak gidariaren balaztatze-eskaerei buruzko informazio zehatza eta segurua bidaltzen die ibilgailuaren kontrol-sistemei.
  • Sistema berritzaile hau dagoeneko ekoizpen-prozesuan dago VOLVOko ibilgailu jakin batzuetan.
  • Proiektu horri esker, bi euskal enpresek jauzi kualitatiboa egin ahal izango dute automobilgintzaren sektorean, eta automobilgintzaren nazioarteko merkatuan duten posizioa indartuko dute.

Merkatuko autorik seguruenak BATZek eta IKERLANek garatutako euskal teknologia ibilgailu baten sistemarik kritikoenetako batean txertatzeko zorian daude: balaztatze-sisteman. Izan ere, Bizkaiko kooperatibak eta IKERLAN zentro teknologikoak elkarrekin garatu dute VOLVOrentzat balazta-pedalarentzako sentsore osagarri bat, sendotasuna eta fidagarritasuna emango dituena.

Automobilgintzaren sektoreko munduko liderretako batentzat egindako transferentzia teknologikoko proiektu horri esker, bi euskal enpresek jauzi kualitatiboa egin ahal izango dute automobilgintzaren sektorean, eta automobilgintzaren nazioarteko merkatuan duten posizioa indartu ahal izango dute, sistema elektroniko fidagarrien hornitzaile gisa.

Garrantzi handiko mugarria da BATZentzat eta IKERLANentzat. Bi konpainiak lau urtez aritu dira elkarlanean pedalarentzako osagai gehigarri hori garatzen, gidariaren balaztatze-eskariari buruzko informazioa modu zehatz eta seguruan transmititzen duten sentsoreez hornituta. Kontzeptualizatzeko, BATZek eta IKERLANek kalitate- eta segurtasun-estandar zorrotzak gainditu dituzte; izan ere, fabrikatzaile suediarrak eskakizun espezifiko oso zorrotzak ezarri zituen proiekturako hainbat mailatan –sendotasuna, integrazioa eta kontsumoa–, sektorean indarrean dauden araudien osagarri.

Iosu Gabilondo IKERLANeko Adimen Banatu eta Konektatuaren arloko arduradunak azaldu duenez, "sistemaren iraunkortasuna bermatu behar izan dugu, ibilgailu baten bizi-zikloaren 15 edo 20 urteetan martxan egoteko gai izan behar baitu". Beste erronketako bat izan da "garapen berria integratzea VOLVO ibilgailuetan txertatutako gainerako sistema elektroniko eta mekanikoekin, sistema magnetiko bat egokituz eta haren sendotasuna eta immunitatea ziurtatuz. Gainera, Suediako konpainia oso zorrotza izan zen BATZek eta IKERLANek garatutako sistemaren elektronikako kontsumo-baldintzak ezarri zituenean, enpresak markatutako kalitate-estandar altuez gain” azaldu du Gabilondok.

Ibilgailuen digitalizazioa eta automatizazioa gero eta handiagoa da, eta horrek elementu mekanikoak pixkanaka elementu elektronikoekin ordeztea dakar. Tradizionalki, ibilgailu baten pedalek logika mekanikoei erantzun izan diete. Materialetan eta segurtasun-baldintzetan hainbat bilakaera izan dituzte, eta, une honetan, autoaren gainerako sistemekiko konektibitatearen erronkari aurre egin behar diote. BATZetik, Egoitz Anzola Bizkaiko kooperatibako Ingeniaritza zuzendariak azaldu duenez, “urrats berri honek gure bezeroei egungo balazta-pedaletan irtenbide integralak eskaintzen lagunduko digu, baina baita etorkizuneko balazta elektronikoen garapenean eta fabrikazioan ere. Horrela, brake by wire gidatzearen bilakaera naturalari erantzuten dio BATZek, eta sentsorizazioari eta azken balaztatze-sistemari dagokienez, segurtasun funtzional maximoa bermatzen du.

BATZ eta IKERLAN bat datoz esatean VOLVOren ibilgailuen balazta-gailuetan sentsoreak jartzea funtsezko mugarria dela ehuneko ehun elektronikoa den balazta-pedal bat garatzeko bidean, eta hori, era berean, urrats handia dela auto baten sistema kritikoenetako bat digitalizatzeko bidean.

2023an, transferentzia teknologikoko proiektuengatik zentroak izandako diru-sarrerak % 15 baino gehiago igo ziren, eta fakturazio osoaren % 54,2 izan ziren. Garraioa eta mugikortasuna izan ziren jarduera-sektore nagusietako bat, zehazki, IKERLANek aurreko ekitaldian egindako transferentzia-proiektuen % 39.

IKERLANi buruz

IKERLAN zentro aitzindaria da teknologia-transferentzian eta lehiakortasun-balioak industriari egiten dion ekarpenean. Soluzio integralak eskaintzen ditu, hiru arlo handitan arlo teknologiko desberdinak konbinatuz: teknologia digitalak eta adimen artifiziala, sistema elektroniko txertatuak eta zibersegurtasuna, eta teknologia mekatronikoak eta energiaren esparrukoak. Gaur egun, 420 lagunek osatutako taldea du, eta egoitzak Arrasaten, Donostian eta Bilbon. MONDRAGON Korporazioko eta Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide den kooperatiba gisa, IKERLAN enpresa-eredu jasangarria, lehiakorra eta etengabe aldatzen ari dena da. 2024an, IKERLANek 50 urte betetzen ditu, eta bere sorrerako helburuari eutsi dio: inguruko enpresen berrikuntza eta lehiakortasuna hobetzeko teknologia garatzea.

BATZi buruz

BATZ automobilgintzaren sektorerako produktu eta zerbitzuen mundu mailako hornitzailea da. 1963an sortu zen, eta Igorren (Bizkaia) du egoitza. MONDRAGONen parte da, munduko kooperatiba talde handienetako bat. BATZen konpromisoa eta bezeroarenganako orientazioa funtsezkoak izan dira gaur egun industria-talde sendoa izateko: 1300 pertsona baino gehiago eta taldearen 240 milioiko fakturazioa. Enpresak berrikuntzaren aldeko apustu irmoa egin du iraunkortasunaren erronkei aurre egiteko tresna gisa. Eta ikuspegi horrek, pertsonetan eta irtenbide berritzaileen bilaketan zentratuta, BATZ bere sektorean erreferente gisa finkatzea ahalbidetu du.

IKERLAN VOLVO BATZ pedal electronico

Ekipo ondasun pertsonalizatuen fabrika baten ahalmen produktiboa %20 handitzea, edo kasuen %90ean entrega epeak betetzea lortzea (lehen %40an lortzen zuen), eta horren ondorioz entregetan berandutzeagatik ezarritako zigorretan aurreztea. Horiek dira eraginkortasun operatiboan hobekuntzak eginez gero lortu daitezkeen lorpenak.

IK4-IKERLANek ekipo ondasunak fabrikatzen dituzten hainbat enpresa bezerorekin produkzioa sinkronizatzeko proiektuak abiarazi ditu, eta horiei esker aipatu hobekuntzak lortzen lagundu die.

Ekipo ondasunak egiten dituzten enpresek –hau da, beste ondasun batzuk ekoizteko erabiltzen diren erremintak, besteak beste, fabriketako makineria, esaterako– arazo bat aurkitu ohi dute, eta hori da kasu askotan ondasun pertsonalizatuak ekoitzi behar dituztela, bezeroek ezarritako betekizunak beteko dituztenak. Horrek esan nahi du produkzio prozesua ez dagoela estandarizatuta eta, proiektuen planifikazioak egitea ohi baino zailagoa gertatzen denez, gerta daiteke atzerapenak egotea, beharrezkoak ez diren gastuak sortzea edo produktibitate txikia izatea.

Behar horri erantzuteko, IK4-IKERLANek hainbat proiektu jarri ditu martxan aipatu sektoreko enpresa bezeroekin, produkzioa sinkronizatzeko. Horrenbestez, produkzioa azkar era eraginkortasunez programatzea lortu da, enpresa departamentuak zein hornitzaileak koordinatuz.

Horri esker, kostuetan aurreztea ez ezik (produkzioan ordu gutxiago eman direlako eta bezeroei entregatzeko orduan berandutzeagatik egon daitezkeen zigorrak saihesten direlako), enpresek sarrera gehiago lortu ditzakete, produktibitatea handitzen delako.

IK4-IKERLANek proiektu horietan jokatzen duen rola da ekoizpen prozesuak formalizatzea, programatzeko ereduak definitzea eta enpresa bakoitzaren lan fluxua antolatzea, entregatzeko epe fidagarriak lortzeko.

Kontuan hartu behar da ekipo ondasunak ekoizten dituen enpresa baten ohiko proiektuetan hainbat departamentuk esku hartzen dutela: tekniko-komertziala, diseinua, erosketak eta muntaketa. Horien arteko lan fluxua egokia izatea ezinbestekoa da enpresa eraginkortasuna izango bada, produkzioaren edozein urratsetan atzerapena gertatzen bada amaieraraino arrastatzen baita eta, ondorioz, lehiakortasuna galtzen.

“Saiatzen gara gure bezeroei ulertarazten enpresako departamentu bakoitzak katearen hurrengo maila bezeroa balitz moduan tratatu behar duela”, azaltzen du Juan Manuel Besga IK4-IKERLANeko ikertzaileak.

IK4-IKERLANek honelako proiektuetan egin duen lanaren emaitzak MCPCn biltzarrean ezagutarazi dira (World Conference on Mass Customization, Personalization, and Co-Creation); biltzarra erreferentziazkoa da masako pertsonalizazioaren eremuan, eta orain dela gutxi elkartu da Aalborgen (Danimarka).

IKERLAN VOLVO BATZ pedal electronico