Lehen etapan, Artecheren eta IKERLANen arteko garapen teknologiko bateratua egingo da. IKERLAN zentro teknologikoa erreferentea da potentzia-elektronikan.
Sare elektrikoen, energia berriztagarrien eta industria astunen aplikazioetara bideratutako potentzia-elektronikako soluzioen garapenean eta merkaturatzean oinarrituko da sozietate berria.
Joint venture honetan Artechek eta MONDRAGONek %50nako partaidetza izango dute.
Artechek eta MONDRAGONek AMETS Power Electronics abiatu dute, potentzia-elektronikako soluzio berritzaileak garatzen dituen konpainia berria. Aliantza estrategiko honek Artecheren nazioarteko esperientzia, MONDRAGONen ekosistema kooperatiboa eta industriala, eta energia elektrikoaren kudeaketan eta eraldaketan gaur egungo zein etorkizuneko erronkei erantzuteko IKERLANek duen gaitasun teknologikoa uztartzen ditu.
AMETS egitura paritarioarekin jaio da (% 50 Arteche eta % 50 MONDRAGON eta IKERLAN), eta erreferentzia bihurtu nahi du sistema elektriko eraginkorrago, malguago eta jasangarriagoetan. Konpainiak bere industria-jarduera, hasteko, soluzioen garapen teknologikoan oinarrituko du, hain zuzen ere sare elektrikoen, energia berriztagarrien eta industria astunen aplikazioetara bideratutako potentzia-elektronikako teknologietan.
Ikuspegi partekatua eta osagarria
Amets Power Electronics lankidetza-eredu batean oinarritzen da, eta merkatua, teknologia eta fabrikazio industriala kokatzen ditu hiruki estrategiko baten oinarri gisa, berrikuntza zein energia-balio-katean duen eragina maximizatzea helburu duena.
“Balioak partekatzen diren aliantza bat da hau: industriarekiko konpromisoa, epe luzerako orientazioa eta pertsonen aldeko apustu irmoa”, nabarmendu du Alex Artetxe Artecheko CEO eta presidenteak, Bilbon egindako aurkezpen ekitaldian. “AMETS aukera bat da muga teknologiko berriak esploratzeko eta energiaren sektorean abangoardian jarraitzeko beharrezkoak diren bideak zabaltzeko, gizartearen erronkei aurre egingo dieten irtenbideak eskainiz”.
MONDRAGONen aldetik, presidente Pello Rodriguezek adierazi duenez, “ilusio handiz ekin genion proiektu berri honi, esperientzia industrial handia duten enpresen arteko elkarlana baita, etorkizuneko sektore batean jarduera berri bat martxan jartzeko”.
Sozietate berria elkarte mugatu gisa eratu da, eta gobernantza orekatua izango du; kontseiluan lau kide izango ditu –bi Artecheren aldetik eta beste bi MONDRAGONen eta IKERLANen aldetik–. AMETSek bere ingurunean inpaktu positiboa sustatzeko printzipioekin bat egingo du, taldeko enpresekin sinergiak sortuz eta lurraldearen garapen teknologiko eta ekonomikoari lagunduz.
Berrikuntza teknologikoa, energiaren etorkizunaren zerbitzura
AMETSen sorrerak bi erakundeen bide-orri estrategikoarekin bat egiten duen epe luzeko ikuspegiari erantzuten dio. Potentzia-elektronikako irtenbideen diseinuaren eta garapenaren lehen fasearekin hasiko da. Fase hori IKERLANeko eta Artecheko talde teknikoen arteko lankidetza estuan egingo da, bikaintasun teknologikoan eta jasangarritasunean oinarrituta, fabrikazioan eta merkaturatzean pausoak emateko.
Arteche eta MONDRAGONen bide-orria
Artecheren “Energizing Futures Together” 2024–2026 Plan Estrategikoak aurreikusten du 2026. urtearen amaierarako 520 eta 540 milioi euro arteko diru-sarrerak lortzea, konpainiaren hazkunde jarraituaren aurreikuspenekin bat etorrita.
Bide-orri horretan, hazkunde ez-organikoan oinarritzen den asmo handiko estrategia bat dago, funtsezko lau ildotan: negozio zentraletan lidergoa eta errentagarritasuna indartzen; sareko Automatizazioan eta Fidagarritasunean posizionamendua hobetzen; etorkizunerako funtsezkoak diren teknologiak txertatzen; eta merkatu estrategikoetan duen presentzia sendotzen, hala nola Estatu Batuetan eta Asian. AMETS Power Electronics-en eraketa ikuspegi estrategiko honetan modu naturalean txertatzen da, bai etorkizunerako funtsezko teknologiak —hala nola potentzia-elektronika aurreratua— sartzeko apustuari erantzuten diolako, bai automatizazio, sare-fidagarritasun eta biltegiratze-posizionamendua indartzen duelako. Ekimen honek, sare elektrikoetara bideratutako irtenbide berritzaileak sustatzeaz gain, aukera berriak esploratzeko aukera ere emango du, garapen teknologikoak balio bereizgarria eman dezakeen sektoreetan. Hala, AMETS energia-balio-katearen bilakaeran funtsezko eragile gisa proiektatzen da, etorkizuneko lankidetza- eta hazkunde-ildoei irekita.
Gainera, joint venture honen sorrerak Plan Estrategikoan bultzatutako hazkunde ez-organikoaren aldeko apustua gauzatzen du. Artechek, MONDRAGONek eta IKERLANek elkarrekin jarritako kapital-ekarpen eta baliabide teknologikoei esker, aurreikusitako capex-a (60 milioi €, 2026ra arte) produktu berrietan eta berrikuntzan inbertitzea ahalbidetzen da.
Operazio hau ikuspegi industrial eta teknologikotik sortu da, eta Artecheren negozioari berehalako balioa erantsi dio. Hala, sarearen egonkortasunera bideratutako potentzia-elektronikako irtenbide osoak eskaintzeko gaitasuna handitu du, kontrol aurreratutik hasi eta harmonikoen konbertsioa egin eta arintzeraino. Horrek indartu egiten du Artecheren eskaintza teknologikoa bezeroen aurrean, eta pauso sendoak ematen ditu merkatu globalean lider izateko gai den plataforma bat sortzeko.
MONDRAGONek, 2025-2028 plan estrategikoan “lidergo posizioak lortu nahi ditu, bere lehiakortasun, lankidetza eta egokitzapen mailak hobetuz, eraldaketa sozialean giltzarri den eragilea izateko”. Eta hurrengo laurtekorako bidaian lau ardatz estrategiko identifikatu ditu: identitatea, etorkizuna duten negozioak, irekitasuna eta inpaktu soziala eta interkooperazioa.
AMETS Power Electronics-en sorrerak ardatz estrategiko horietako biri erantzuten die: etorkizuneko sektoreetan jarduera eta negozio berriak bultzatzea batetik; eta hirugarrenekin lankidetzak garatzea bestetik, jarduera ekonomikoa zein lanpostu jasangarriak ekarriko dituzten proposamen berriak aktibatzeko.
MONDRAGONek proiektu honen zerbitzura jarriko ditu bere gaitasun guztiak, bai teknologikoak –batez ere IKERLANen bitartez–, bai industrialak, bai ezagutzaren eremukoak, ekimen bateratu hau arrakastatsua izan dadin eta lankidetza berriak sor ditzan. Era berean, MONDRAGONi etorkizuneko sektore batean, energiaren sektorean, agente garrantzitsu gisa posizionatzen lagunduko dio.
Artecheri buruz
Arteche 1946an sortu zen, eta sektore elektrikoaren esparruan kokatzen da bere jarduera, sorkuntzatik banaketaraino, ekipo, osagai eta soluzio elektrikoen industrian espezializatuta. Jarduera horren barruan, Arteche neurketa-transformadoreen merkatuan munduko liderren TOP 3an dago, eta errele osagarrien merkatuan 1. postuan dago, eta eskualdeko lidergoari eusten dio eskakizun eta balio erantsi handiko merkatuetara bereziki zuzendutako gainerako produktuetan, haien artean berriztagarrien sorkuntzan eta trenbide-sektorean.
Artecheren negozioaren helburua energia elektrikoaren garraioa eta banaketa ahalbidetzea da, edozein sorkuntza-instalaziotatik azken erabiltzailearenganaino, efizientziaz, kalitatez eta fidagarritasunez. Hori dela eta, konpainiak behin eta berriz inbertitzen du I+G+Bn, bere produktuen kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko, produktu berrien garapenean berritzeko eta bezeroari balio erantsi bereizgarria eskaintzeko. Gaur egun, Artechek 175 herrialde baino gehiagotan du merkataritza-banaketa gaitasuna; 10 ekoizpen-zentro ditu Europan, Amerikan, Asian eta Ozeanian, eta ikerketan diharduten 7 zentro ere bai; 2.800 langile baino gehiago ditu mundu osoan.
MONDRAGONi buruz
MONDRAGON Korporazioak lau negozio-arlo ditu: Finantzak, Industria, Banaketa eta Ezagutza Nortasun kooperatiboaren errealitate bat da, merkatu globalean lehiatzen dena eta elkarlanean aurrerabidea bilatzen duena. Ekosistema horretan biltzen dira unibertsitate propio bat (Mondragon Unibertsitatea), enpleguko BGAE (LagunAro), finantza-erakunde bat (LABORAL Kutxa), banaketa-negozio bat (Eroski) eta hainbat jarduera-sektoretan aritzen diren zenbait industria-kooperatiba. 70.000 langile baino gehiago ditu, eta 2024an 11.200 milioi euroko fakturazioa erdietsi zuen.
MONDRAGONek berrikuntzaren alde egin duen apustua oso garrantzitsua da, I+G+Bn 2.000 pertsona baino gehiago ari baitira lanaldi osoan. Gainera, I+G+Bra bideratutako baliabideak 185 milioi eurotik gorakoak izan ziren 2024an, eta indarrean dauden patente-familiak, guztira, 400 inguru dira; kopuru hori benetan garrantzitsua da Euskal Autonomia Erkidego osoan. 5 zentro teknologiko eta I+G+Bko 7 unitate ditu.
IKERLANi buruz
IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentzian eta industriari balio lehiakorra ematen. Soluzio integralak eskaintzen ditu, hiru arlo handitan hainbat ezagutza teknologiko konbinatuz: teknologia digitalak eta adimen artifiziala, sistema elektroniko txertatuak eta zibersegurtasuna, eta teknologia mekatronikoak eta energiaren alorrekoak. Gaur egun, 420 lagunek osatzen dute lantaldea, eta Arrasaten, Donostialdean eta Bilbon ditu egoitzak. MONDRAGON Korporazioko eta Basque Research and Technology Alliance-ko (BRTA) kooperatiba kide gisa, IKERLAN enpresa-eredu jasangarri, lehiakor eta etengabe eraldatzen ari dena da.
AMETSek berrikuntzarekin, garapen industrialarekin eta jasangarritasun energetikoarekin bi erakundeek partekatutako konpromisoa indartzen du.