options
search icon
email icon
EU
rrss gif icons
twitter icon
linkedin icon youtube icon

Sistema txertatuak, enpresen lehiakortasunerako azeleragailua

shape

 Gailu horiek prestazio aurreratuak eta berezituak ematen dizkiete produktuei


29/01/2016

shape

Produktuei prestazio berriak ematea merkatuan bereizi ahal izateko; sistema txertatuei esker lortu daiteke. Produktuetan integratuta dauden eta funtzio bat edo hainbat kontrolatzen dituzten gailu elektroniko programagarri horiei esker, berrikuntza garrantzitsuak egin daitezke monitorizazio, ikuskapen, kontrol, automatizazio edo kudeaketa energetikoari lotuta, adibidez.

Gero eta produktu gehiagok barneratzen dituzte konputaziorako horrelako sistema txikiak, eta ondorioz beste soluzio batzuen bitartez lortu ezin diren prestazio aurreratuak eta bereizgarriak lortzen dituzte.

Egunero dozenaka sistema txertaturekin jarduten dugu interakzioan, eta horiek kontrolatu egiten dituzte etxera iristen den energiaren sorkuntza eta banaketa, gure etxetresna elektrikoen edo enpresetako makinen funtzionamendua, erabiltzen ditugun garraio sistemen funtzioak…

Industria eta zerbitzu sektore gehin-gehienetan presente daude. Ematen duten lehiakortasunari esker, eta erakunde autonomiko, estatal zein europarretan aplikatzeko dituzten aukerei esker, enpresak irmoki ari dira arlo horretako I+Ga sustatzen.

“Enpresek lehiakideengandik bereizi behar dute merkatuan nabarmentzeko, eta, horrenbestez, ez da harritzeko gero eta gehiago sistema txertatuen alde egitea, beren produktuei prestazio gehiago, konektibitatea, efizientzia energetikoa, segurtasuna, fidagarritasuna eta mantengarritasuna ematen dietelako”, dio Jon Perezek, IK4-IKERLANen arlo honetako ikerketa lerroko arduradunak.

IK4-IKERLANen apustua

Sistema txertatuen teknologiak moldeak hautsiko zituela ohartuta, IK4-IKERLANek horri buruz ikertzeko apustua egin zuen, zentroa sortu zenetik bertatik, dagoeneko 40 urte baino gehiago. Harrezkero, esperientzia nabarmena metatu du, eta horri esker estatuan eta Europan erreferentzia bihurtu da, bere ibilbideagatik, bere ikertzaileen bikaintasunagatik, bere masa kritikoagatik, kolaboratzaileen nazioarteko sareagatik eta, bereziki, merkatuan liderrak diren enpresekin egiten duen lanagatik.

Gaur egun 100 pertsonak baino gehiagok osatzen dute enpresekin elkarlanean sistema txertatuen soluzio berritzaileak garatzen duen ikertzaile taldea. Soluzio horietan balio kate osoari heltzen zaio, bai mikrosentsorika konektatuari, zeinaren bidez enpresei kontrako ingurune industrialetan bezeroak duen portaerari buruzko datu berriak eman ahal zaizkien (gauzen internet esaten zaio), bai fidagarri eta seguru diren hard/soft plataforma txertatuei eta haririk gabeko komunikazio sendoei, zeintzuen bidez sare industrial berri honi adimena eta komunikazio gaitasuna ematen zaizkion, bai datu meatzaritza masiborako teknikei (big data) eta elkartutako teknologiei (cloud computing), zeintzuen bidez zerbitzu berriak sortu eta teknologia txertatu berriei ahalik eta probetxu gehien atera ahal zaien. Teknologiaren integrazio bertikal horrekin soluzio osotuak eman dakizkieke hainbat sektoreri, besteak beste Fabrikazio aurreratuaren, Garraioaren, Jasokuntzaren eta Energiaren sektoreei.

IK4-IKERLANek hainbat konpainiarekin du lankidetza, hala nola CAF, Orona, Alstom, Fagor Automation, Ulma Ingeteam, Ikusi edo Laulagunekin, eta, ondorioz, orain dela 10 urte baino gehiagotik, modu egonkorrean jardun du produktu eta zerbitzuen belaunaldi berriak sortzen, sistema txertatuen bitartez. Jarduera horrek azken 5 urteetan enpresetan izan duen eragin ekonomikoa 15 M€-koa izan da, eta denbora tarte berean IK4-Ikerlanek alor honetan egindako inbertsioa, berriz, 5 M€ baino gehiagokoa.

IK4-IKERLANen soluzio txertatu partzialen edo osoen garapenak egiten dira, lankidetza bidezkoak edo giltza eskura erakoak, horien barruan egonik arauekiko aurretiko homologazioa eta segurtasun funtzionalaren ziurtagiria; berringeniaritzako proiektuak eta ekipamenduak eta produktuak hobetzekoak; produktibitatea handitzeko proiektuak eta bizitza zikloak ezartzekoak, besteak beste.

“Espezialistak gara sistema txertatuen agrapenean eta horien diziplina bakoitzean: hardwarea, VHDL hardware deskribapenerako lengoaia eta softwarea. Sistema txertatu seguruak, fidagarriak, sendoak eta mantengarriak garatzen ditugu, denbora errealeko soluzioak eskaintzeko, landa busak, haririk gabeko komunikazioak aurkako inguruneetan eta M2M edo 'machine to machine' komunikazioak”, laburbiltzen du Perezek.

Enpresei teknologia transferitzeaz gain, zentroak ikerketa lan garrantzitsua ere egiten du, eta horregatik arlo honetako teknologiaren abangoardian mantendu daiteke.

Horren adibidea da IK4-IKERLANek berak gidatzen duen FP7-Multipartes bezalako Europako proiektuetan parte hartzea, zeinean kritikotasun maila desberdinak dituzten kontrol sistema txertatu ugari multicore plataforma bakar batean integratzen diren, edo baita ere Eusko Jaurlaritzak finantzatutako proiektuetan, esaterako Efitrans proiektuan, garraioaren sektoreari zuzenduta.

Etorkizuna

Produktu hobeak lortzeko lasterketa teknologikoa bizkortu baino ez da egingo datozen urteetan. Sistema adimendunago, fidagarriago, interkonektatuago edo “berdeagoen” eskaera handitu egingo da etorkizunean, eta IK4-IKERLANen desafio horiei aurre egiteko prestatuta daude.

“Zalantzarik ez dut sistema txertatuek funtsezko rola jokatuko dutela enpresen lehiakortasunean, funtzio berriak sartzen ahalbidetuko dutelako, beste arlo teknologiko batzuetan egindako aurrerapenekin batera”, segurtatu du Perezek.

Dagoeneko aipatu diren aukerez gain, teknologia horiek aukera handiak irekitzen dituzte serbitizazioaren eremuan, hau da, produktuei lotutako zerbitzu berrien garapenean. Beraz, enpresek aukera handiak izango dituzte bezeroei egiten dieten eskaintzan balioa eransteko.

Etorkizuneko beste aplikazio eremu bat ‘gauzen internet’ esaten zaion teknologiarekin batera iritsiko da; horri esker, Sarearen bitartez, eguneroko objektuak konektatu ahal izango dira eta, seguruenik, horiekin interakzioan aritzeko modua aldatuko digu.

close overlay