options
search icon
email icon
EU
rrss gif icons
twitter icon
linkedin icon youtube icon

IK4-IKERLANek parte hartzen du autobus elektrikoari bultzada emango dion proiektu europar baten

shape

Assured ekimenak garatu eta txertatuko ditu potentzia handiko kargagailuen belaunaldi berria autobus eta kamioientzat


27/11/2017

shape
  • Zentro teknologikoak, Vectiarekin eta ABBrekin batera lantalde berean arituta, autobus %100 elektrikoak zerbitzuan karga azkarrak eginez ustiatzea frogatzea bultzatuko du, beste fabrikatzaile batzuekiko interoperabilitatea bermatzeko.

Automobilgintza sektorea teknologikoki aurreratuak diren soluzioen bila dabil, egungo errekuntza-motorrak osasungarriagoak eta ingurugiroa gehiago errespetatuko duten beste sistema batzuekin ordezkatzeko. Zentzu honetan, propultsatzaile elektrikoen garapenaren aukera efikaza da, ez bakarrik ibilgailu pribatuei begira, baita autobus eta kamioei dagokienean ere.

Elektrifikazio horretan ekarpen bat izateko helburuarekin, IK4-IKERLAN zentro teknologikoak Assured europar proiektuan parte hartzen du. Bertan, potentzia handiko (600 kWraino) kargagailuen belaunaldi berri bat garatu nahi da ibilgailu astunen fabrikatzaile ezberdinentzat.

Aldi berean, ekimen hau bide bat da beharrezkoak diren arauketak eta estandarrak sortzeko, eta oso-oso azkarrak diren sistema horien txertaketa eta elkarreragingarritasuna fabrikatzaile eta operadoreei errazteko.

Aurtengo urrian hasi eta lau urte iraungo duen proiektu hau Europako Batzordearen H2020 programaren barruan dago, eta 18,7 milioi euroko aurrekontua izango du.

Assured Vrije Universiteit Brussel (VUB) erakundeak gidatzen du, eta maila handiko  berrogei  enpresa eta erakunde inguru bilduko ditu, esaterako, Vectia, Iveco, Volvo, MAN, Irizar, Siemens edo Alstom


Assured proiektuaren barruan, IK4-IKERLAN biltegiratze sistemen funtzionamendu egokian eragina duten faktore nagusiak aztertzen eta ebaluatzen arituko da (litio-ion baterietan batez ere). Besteak beste, bateriek beren bizitza baliagarrian pairatzen duten narriadura edo potentzia handiko eragiketetan izaten duten portaera aztertuko du. 

Halaber, Arrasate-Mondragón-eko zentro teknologikoak energia kudeatzeko estrategiak diseinatuko ditu helburu hauek lortzeko: eraginkortasuna maximizatzea ibilgailuen karga eta operazioa irauten duen denboran, autonomia areagotzea eta hirietako ingurumen jasangarritasunari laguntzea.

Soluzioak benetako inguruneetan probatzeko, IK4-IKERLANek Vectia autobus elektrikoen fabrikatzailearekin (CAF Taldea) eta ABB ingeniaritza enpresarekin batera lantalde bat eratuko du, autobus % 100 elektrikoen ustiapena frogatzeko asmoarekin. Zentroak oso-oso azkar (5 minutu baino gutxiagoan) kargatzen den eta karga estazio batetik beste batera 10 km-ra arteko autonomia edukiko duen autobus elektriko bat garatzen lan egingo du.

“Lankidetza hau aurrerapauso handia da hiri garraio iraunkorragoa edukitzeko soluzio globalak eskaintzen utziko duten teknologien alde egin dugun apustuan”, esan du Javier Ramosek, Vectia Mobility, S.L.ko zuzendari teknikoak.

Gainera, proiektua 10 kargagailu balioztatzeko baliogarria izango da. Zehazki, soluzio berriak hiriko sei autobusetan, hiru kamioietan (bi hondakinak biltzeko eta beste kamioi banatzaile bat) eta ibilgailu arin batean jarriko dira, Europako hiri ezberdinetan ibiliko direlarik.


IK4-IKERLAN esperientzia

IK4-IKERLANek esperientzia zabala du litiozko ionetan oinarritutako energia biltegiratzeko sistemetan, baita osasun algoritmoak garatzen eta baterien bizitza-balioztapenean ere. Errekarga sistemetan ere lan egin du eta horrek baterien bizitzan duen eraginean.

Zehazki, zentro teknologikoak urteak darama Assured proiektuaren barruan planteatzen diren erronketako batzuk ikertzen, hala nola kudeaketa estrategia optimizatuak, eragiketa kostuen minimizazioa edo biltegiratze sistemen bizitza baliagarriaren luzapena.

Zentzu honetan, IK4-IKERLAN lanean aritu izan da, mugikortasun sektoreko enpresekin batera, CAFekin adibidez, eta Iberdrola Renovables konpainia elektrikoarekin.

Assured proiektua aukera berri bat da ezagutzak eskuratzen jarraitzeko, biltegiratze sistemen, potentzia elektronikaren eta energia kudeaketaren alorretan, Europa mailan sektoreko fabrikatzaile eta hornitzaile nagusienen eskutik, gero gure bezeroekin proiektuetan aplikatzeko”, esan du Mirrek amaitzeko, IK4-IKERLAN-eko potentzia elektronika alorreko arduraduna.


IK4-IKERLANi buruz

IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentzian, ikertzaileen espezializazioan eta enpresari balio lehiakorra ematen, besteak beste bere ikertzaileen espezializazioagatik. Soluzio integralak eskaintzen ditu, hainbat eremu teknologiko uztartuz. Hori posible izateko arrazoia da hiru esparru handitan espezializazio maila handia duela: Elektronika, informazio eta komunikazioko teknologiak (EIKT), Energia eta Potentzia Elektronika, eta Fabrikazio Aurreratua. 2017an AENORek, IK4-IKERLANeko kudeaketa integraleko sistema ziurtatu du, UNE-EN ISO 9001:2015 eta UNE 166002:2014 erreferentziako arauetan oinarrituta.  Gaur egun, langile taldea 300 pertsona inguruk osatzen dute. 

Vectiari buruz

Vectia CAF Taldeko filiala da eta elektromugikortasunean oinarrituta hiri garraiorako soluzioen garapenean zentratzen du bere negozio eredu osoa, Espainian hori egiten duen konpainia bakarra izanik. Bere plataformen garapenean, CAF Taldeak urteetan tren sektorean metatu duen esperientzia osoa eta ahalmen teknologiko eta berrikuntzako osoa kapitalizatu du enpresak.  Horregatik, bezeroei eskaintzen die, besteak beste, garraio azpiegituren eta sistemen garapenari lotutako soluzioak; berezko teknologia egiaztatua, trakzio elektrikoko berme eta balio bereizgarri gisa; energia biltzeko sistemak; linean kargatzeko puntuen garapena eta sistema espezifikoen mantentze lanak edo bideragarritasun, elektrifikazioa eta obra zibileko azterketak.

close overlay