options
search icon
email icon
EU
rrss gif icons
twitter icon
linkedin icon youtube icon

IK4-IKERLAN eta ETH-Zurich elkarlanean energiaren hari gabeko transmisioari buruzko ikerketan

shape

Akordio honek Zentroak berrikuntza eta ikertzaileen talentuaren alde egindako apostua indartzen du


12/01/2015

shape

IK4-IKERLANek lankidetza hitzarmen bat izenpetu du Zuricheko ETH Unibertsitate ospetsuarekin (Suitza), zentroaren jarduera eremu garrantzitsuenetakoa den potentziako elektronikari lotutako I+G alorrean laguntzeko. Zehazki, erakunde biek energiaren hari gabeko transmisioa landuko dute elkarrekin. Hitzarmenaren bitartez, IK4-IKERLANen asmoa da Zentroa osatzen duten pertsonen prestakuntza eta talentua bultzatzen duen lana sendotzea eta, aldi berean, berrikuntza irekiaren alde, hau da, beste erakunde batzuekin elkarlanean arituta berritzearen alde apustu sendoago egitea.

Suitzako zentroaren aldetik, Potentziako Sistema Elektronikoen departamentuko zuzendari Johann Walter Kolar doktore irakasleak izenpetuko du hitzarmena. Munduko erreferentea da alor honetan, eta sari ugari ditu: sariak eskuratu ditu Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Institutuaren (IEEE) eta Power Conversion Intelligent Motion erakundearen (PCIM) eskutik egin dituen ikerketa lanengatik, bai eta Zuricheko ETH Unibertsitatearen eta Canterburyko Unibertsitatearen eskutik ere, irakaskuntzaren alorrean egindako ekarpenengatik eta spin off-ak sustatzeko jarduerengatik.

Ikastetxe ospetsu honekin batera egindako lanari esker, IK4-IKERLANek sendotu egingo du potentziako elektronikaren alorrean egiten ari den apustua, euskal ekonomiak posizio nabarmena dueneko sektoreetan punta-puntako teknologia eta aplikazioak garatzeko.

Erakunde biek adostu duten lehen jarduera da IK4-IKERLANeko ikertzaile Ugaitz Iruretagoyenak Suitzako unibertsitatean egonaldi bat egitea, energiaren hari gabeko transmisiorako aukerak aztertu ditzan.

Ikastetxean emango duen denboran, Iruretagoyenak energia kontakturik gabe, hau da, kablerik gabe transmititzeko metodoak ikertuko ditu. Teknologia hori eremu ugaritan aplikatzeko modukoa izan liteke, bereziki garraioari lotutako eremuetan. Zehazki, IK4-IKERLANeko ikertzaileak potentziako elektronikako sistemen laborategian jardungo du bere egonaldian, doktoretzako ikasle gisa, eta potentzia transmisiorako sistemen gainean ikertuko du goi potentziako indukzio bidezko ibilgailu elektrikoetarako.

IK4-IKERLANi buruz

IK4-IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentziari eta enpresei balio lehiakorra emateari dagokionez, hainbat domeinu teknologiko konbinatuz soluzio integralak eskaintzeko ahalmena baitu. Hori posible izateko arrazoia da sei esparru handitan espezializazio maila handia duela: sistema txertatuak, potentziako elektronika, mikroteknologiak, energia eraginkortasuna eta biltegiratzea, mekatronika eta fabrikazio aurreratua.

close overlay