options
search icon
email icon
EU
rrss gif icons
twitter icon
linkedin icon youtube icon

I+G+B euskal enpresan: lorpenak, erronkak eta gainditzeko dauden ikasgaiak

shape

Orona, CAF, Fagor Arrasate eta IK4-IKERLANek eztabaida zirraragarria izan zuten zentro teknologikoaren 40. urteurrenaren ospakizunean


26/06/2014

shape

Euskal erakunde nagusien eta herrialdeko enpresarik garrantzitsuenen ordezkari gorenek osatutako entzuleriaren aurrean, IK4-IKERLANek mezu argi bat zabaldu nahi izan zuen, Euskadiko ikerketa aplikatuaren zentro aitzindaria den heinean, bere 40. urteurrena ospatzeko egunean: I+G+B da lehiakortasunaren elementu traktorea.

Horixe izan zen, hain zuzen ere, zentro teknologikoak anfitrioi lanak eginez antolatu zuen mahai inguruaren izenburua, joan den ekainaren 18an, Arrasateko Garaia Berrikuntza Guneko instalazioetan, eta Iñigo Urkullu buru izan zelarik.

Moderatzailea Guillermo Dorronsoro izan zen, IK4ko lehendakariorde eta Deusto Business Schooleko dekanoa, eta eztabaidan partaide izan ziren Miguel Encabo, Oronako Teknologia eta Informazio Sistemetako zuzendari korporatiboa; José Gortazar, CAFeko Teknologia eta Informazio Sistemetako zuzendari korporatiboa; David Chico, Fagor Arrasateko I+G-ko zuzendaria; eta Javier Mendigutxia, IK4-IKERLANeko zuzendari nagusia.

Merkatu eta sektore desberdinetan aritu eta lan egin arren, erreferentziazko hiru enpresak bat etorri ziren teknologiaren garrantzia azpimarratzerakoan, lehiakorrak izaten jarraitzeko funtsezko apustu gisa. Bereziki adierazgarria izan zen CAFeko ordezkariaren aipamena: “I+G-ari esker bestela saldu ezingo genituzkeen trenak mundu osoan saldu ditzakegu”.

Zalantzarik gabeko egitatea da hori, eta Javier Mendigutxiak gaur egungo egoerarekin lotu nahi izan zuen, orain dela gutxi CAFeko 21 unitate saldu baitira Istanbuleko metrorako, hau da, 120 milioi euroko kontratua, zeinean “I+G-ak zerikusi handia duen”, adierazi zuenez.

Ikerketaren eta garapenaren aldeko apustuaren arrakastaren balioa agerian jartzeaz gain, euskal enpresen lorpen askoren faktore erabakigarritzat aitortzen baita, mahi inguruan ez zen autokritika falta izan. Izan ere, Miguel Encabok “gainditu gabeko ikasgaitzat” jo zuen “I+G negozio bihurtzeko” beharra, gabezia horrek gaur egun “galarazi egiten duelako Euskadi Europako liderren ligan egotea”, eta parte hartzaile guztiek azpimarratu zuten hori lortu beharreko helburua dela.

Bikaintasunerako bidea, bere zailtasun eta arrisku guztiekin. “Ezagutza babesteak ahalegin, dedikazio eta diru asko eskatzen du, eta batzuetan baloratu egin behar merezi duen”, adierazi zuen David Chicok. Oztopo horiei aurre egiteko, Javier Mendigutxiak erronka bat planteatu zuen: patenteak, “babeserako elementu moduan ez ezik, berezko negoziotzat ere jotzea”. Eta datu hau eman zuen: patenteen ustiapena, dagoeneko, herrialde garatuenen BPGaren % 0,9ra iristen da, eta Euskadin oraindik % 0,1ean gaude.

Mahai inguruko bost partaideak gizonezkoak zirela eta, Guillermo Dorronsoro zauria ukitzera ausartu zen, eta kasualitatea edo “zerbait gehiago” ote zen galdetu zuen. Enpresen ordezkariak bat etorri ziren I+G-aren eremuan emakumeen defizit hori onartzeko orduan, baina joera esperantzagarriak aipatu zituzten, beren erakundeetan emakumeen presentzia % 35 inguruan dagoela adieraziz.

Moderatzaileak botatako beste puntu bat izan zen euskal enpresak merkatu gero eta globalagoan jokatzen duen rola, eta berriro ere adostasuna egon zen munduko beste eragile garrantzitsuekin indarrak batzearen garrantziari buruz, eskala txikian landu ezin diren erronkak gainditu ahal izateko. Miguel Encabo harago joan zen, eta aliantzak bilatzearen alde egin zuen, baina kanpoan zein barruan ere: “Batu egin behar da, baina gure lurraldean ere bai”.

Solasaldi zirraragarri baten amaiera biribila izan zen, eta bertaratuak eztabaida gehiagorako gogoz geratu ziren.
 

close overlay