options
search icon
email icon
EU
rrss gif icons
twitter icon
linkedin icon youtube icon

Etxean energia aurreztea ordenagailuaren bitartez

shape

IKERLANek programa bat garatu du etxeko gastu elektrikoa eraginkorragoa izateko


15/07/2016

shape
  • IKERLAN Home Energy Analizer doaneko tresna bat da Iberdrola Distribución-en eremuan diharduten merkaturatzaileen bezeroentzat
  • Etxeko kontsumo elektrikoa analizatzen du, kontratatutako tarifarekin alderatzen du eta hobetzeko hainbat aukera eskaintzen du

IKERLANek programa bat garatu du Iberdrola Distribución-en jarduera eremuan diharduten merkaturatzaile energetikoen bezeroei etxeko faktura elektrikoan aurrezten laguntzeko. Google Chrome web nabigatzailearentzako doaneko luzapen bat da, Home Energy Analizer (IK-HEA) izenekoa, eta etxeko energia kontsumoaren datuak analizatzen ditu, kontratatutako tarifarekin alderatzen du eta hainbat alternatiba iradokitzen du gastua eraginkorragoa izan dadin.

Programa Chrome Web Store helbidean eskuratu daiteke dagoeneko (nabigatzailerako hainbat luzapen deskargatu daitezke denda digital horretan), eta erabiltzaileei aholkuak ematen dizkie argiaren faktura murrizteko, ohiturak moldatuz edo tarifa aldatuz.

Home Energy Analizer erabiltzeko, erabiltzaileek kontagailu adimendun bat eduki behar dute instalatuta, erabiltzaile bat sortu behar dute Iberdrola Distribución-en webgunean eta konpainiak bere telekudeaketa sistema hedatuta duen gune batean bizi behar dira. Programa erraz erabiltzeko interfaze bat dauka, espezializatuta ez dauden erabiltzaileentzat egokia.

Kontratatutako tarifa eta potentzia

Tresnak erabiltzaileei abisua ematen die euren kontsumoari ondoen egokitzen zaion tarifari buruz: ordutegiaren araberako diskriminazioa, hau da, energiaren prezioak merkeagoak dira gauez egunez baino, edo argiaren prezioa ia finkoa duen tarifa, ordua gorabehera.

Halaber, programak adierazi egiten du ea kontratatutako potentzia kontsumoarekin bat datorren eta, potentziaren puntak erabiltzaileak kontratatutakoaren azpitik badaude, kontratatutako maximoa aldatzeko iradokitzen du. Ez da ahaztu behar zenbait eta potentzia kontratatu handiagoa izan hainbat eta altuagoa dela tarifa.

Telefono eta tabletetarako aplikazioak

Oraingoz, luzapen hori PCko Chromerako baino ez dago erabilgarri, baina IKERLAN dagoeneko lanean ari da Mac ordenagailuekin eta beste nabigatzaile batzuekin bateragarriak diren programak diseinatzen. Gainera, hurrengo urratsa telefono eta tabletetarako aplikazioak inplementatzea izango da.

“IKERLANen energiaren kontsumo arrazionala sustatzeko aplikazioen garapenean lan egiten dugu, informazioaren teknologiak eta energia kudeatzeko teknikak uztartuz”, azaldu du Aitor Milo zentroko ikertzaileak. “IKERLAN Home Energy Analizer-ekin, etxeko erabiltzaileek zehatz jakingo dute energia nola kontsumitzen duten, eta lagundu egingo die kontsumo horretan aurrezteko erabakiak hartzen”, gehitu du.

IKERLANi buruz

IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentzian, ikertzaileen espezializazioan eta enpresari balio lehiakorra ematen, besteak beste bere ikertzaileen espezializazioagatik. Soluzio integralak eskaintzen ditu, hainbat eremu teknologiko uztartuz. Hori posible izateko arrazoia da hiru esparru handitan espezializazio maila handia duela: Elektronika, informazio eta komunikazioko teknologiak (EIKT), Energia eta potentzia elektronika, eta Fabrikazio aurreratua. Gaur egun, langile taldea 280 pertsona inguruk osatzen du.

Descarga información relacionada:
Poster IK-HEA.jpg | JPG 674 KB

close overlay