options
search icon
email icon
EU
rrss gif icons
twitter icon
linkedin icon youtube icon

"bereziki baloratzen dugu gure lankidetza epe luzerako ikuspegi batean kokatzen dela"

shape

Jon Alzate, CAF Signallingeko sistema ontziratuen negozio unitateko zuzendariarekin elkarrizketa


01/02/2016

shape

Zer garrantzi dute sistema txertatuek trenaren esparruan? Zertan datza IK4-IKERLANen eta CAF Signallingen arteko harremana? Jon Alzate euskal enpresa horretako sistema txertatuen negozio unitateko zuzendaria da; eta gure galderei erantzun die elkarrizketa honetan; enpresak trenak seinaleztatzeko sistemak garatu, diseinatu, fabrikatu, hornitu eta mantentzen ditu.

Sistema txertatuek zer eginkizun dute trenak gobernatzen dituen elektronikan?

Funtsean, bere eginkizunak trenen kontrola, segurtasuna, erosotasuna, operazioa eta mantentzea hobetzera zuzentzen dira. Hau da, trenen konplexutasun teknologikoa eta funtzionala kudeatzeko behar den “adimena” ematen dute, seguruago eta efizienteago jardun ahal izateko.

Zein dira tren batean sistema txertatuen menpe dauden eginkizunik kritikoenak?

Segurtasunari lotutakoak jotzen ditugu eginkizun kritikotzat, batez ere trenen babesari lotutakoak, hala nola seinaleztapena, frenoa eta ateen kudeaketa.

Gainera, beste hainbat funtzio ere kritikotzat jotzen dira, ez hainbeste segurtasunarekin duten loturagatik, baizik eta trenen oinarrizko operazioan jokatzen duten rolagatik, esaterako, trakzioaren kontrola.

Zein dira sistema txertatuek zure sektorean dituzten erronka nagusiak?

Sistema txertatuek aurre egin beharreko erronka nagusiak estandarizazioaren ingurukoak dira, izan ere, gaur egun, sistema txertatuak ugariak dira eta oso desberdinak; sortzen ari diren funtzionalitate berrietarako beharko diren komunikazio ahalmenak ere handitu behar dira. Gainera, zaharkitzapenak kudeatzea funtsezko alderdi bat da, epe luzera sistema txertatuak bideragarriak izango direla segurtatzeko.

Zer baloratzen du gehien CAF SIGNALLINGek IK4-IKERLANen ekarpenari dagokionez?

IK4-IKERLANek sektorearen eta erabilgarri dauden teknologien ezagutza espezifikoa eskaintzen digu, baita egindako lankidetzen emaitzen kalitatea ere, eta malgutasuna, gauzatzeko orduan. Bereziki baloratzen dugun zerbait da gure lankidetza epe luzerako ikuspegi batean kokatzen dela.

Sistema txertatuez gain, CAF Taldea zer beste arlotan ari da lanean zentroarekin?

Lankidetza sendoa dugu tren trakzioaren arloan, seinaleztapenean, treneko informazio eta komunikazioen teknologietan eta energia biltegiratzean, berrikuntzarako funtsezko faktoreak baitira tren sistemei dagokienez.

Oraindik orain autobusetarako trakzio hibridoaren arloko lankidetzan ere hasi ditugu, CAF Taldeak bultzatutako negozio lerro berri batean, eta sentsorizazioaren esparruan lehendabiziko urratsak egiten ari gara, zerbitzua hobetzeko elementu kritikoak monitorizatu eta diagnostikatzeko helburuarekin.

close overlay