options
search icon
email icon
EU
rrss gif icons
twitter icon
linkedin icon youtube icon

Aitzindaria, energiaren biltegiratzean eta potentzia elektronikan, berriztagarri eta garraiorako

shape

IK4-IKERLAN zentro teknologikoa hainbat industria proiektu garatzen ari da enpresekin eta teknologia horien garapenerako eta aplikaziorako Europan dauden proiekturik garrantzitsuenetako batzuetan parte hartzen ari da.


04/12/2017

shape

Energia biltzeko sistemak, energiaren kudeaketa eta potentzia elektronika ikertzaileen jomuga bihurtu dira hainbat sektoretan, hala nola garraioen, berriztagarrien edo produkzio prozesuen sektoreetan. Izan ere, beren lehiakortasuna areagotu nahi dute funtzionaltasun gehiago edo kostu txikiago duten benetako soluzioekin, beren eraginkortasun eta fidagarritasun mailak handitzeko eta soluzio iraunkorrak eta ingurumenarekin errespetutsuagoak direnak eskaintzeko.

Testuinguru horretan, gaur egun IK4-IKERLAN zentro teknologikoa enpresa nabarmenenekin ari da lanean, teknologia horiek garatzen eta beren produktuetan integratzen.  Enpresa horietako batzuk dira  CAF, Vectia (CAF taldearen filiala), Orona, Fagor Ederlan, Iberdrola Renovables eta Cegasa, besteak beste.

Gainera, eremu horietan ezagutza berriak sartzen jarraitzeko, Arrasate-Mondragóneko zentro teknologikoak partaidetza nabarmena du energiaren kudeaketaren eta biltegiratzearen eremuan dauden erronka nagusietarako irtenbide berriak bilatzeko Europar Batasuna egin duen apustuaren barruan.

Zentzu horretan, erakunde ikertzailea Ghost eta Assured proiektuen aliatu teknologikoa da, non mugikortasun elektrikoko sistema berriak garatu nahi diren garraio sektorerako. Era berean, ETEKINA izeneko ekimena ere gidatzen du, industrian energia eraginkortasuna hobetzeko.

Hiru proiektuak Europako Batzordearen H2020 programaren barruan garatzen ari dira, eta horretarako 30 milioi eurotik gorako aurrekontua dute guztira. 

Industria prozesuetako portaera energetikoa hobetzea

ETEKINA proiektuaren baitan,  zeina 2017an abian jarri baita eta lau urte iraungo baitu, zentro teknologikoa bero trukagailuak garatzeko eta baliozkotzeko lanetan ari da, kaloduktoen teknologia oinarri hartuta, altzairu, zeramika eta ferrosoak ez diren metalen sektorerako.

Aurreikusten da proiektuaren amaieran gailuak benetako inguruneetan ezarriko direla, hala nola Fagor Ederlanek Arrasate-Mondragónen duen lantegian, SIJ Metal Ravne enpresak Eslovenian dituen instalazioetan eta Ceramiche Atlas Concorde Spa enpresak Italian duen plantan.

Garraioaren sektorearen elektrifikazioa erraztea

IK4-IKERLANek, halaber, zeregin garrantzitsua dauka Assured eta Ghost proiektuetan, non garraioaren sektorearen elektrifikazio progresiboa bultzatzen baita, munduan dagoen etorkizuneko erronketako bat lortzeko.

Assured ekimenak, Vrije Universiteit Brussel (VUB) erakundeak gidatzen duenak, maila handiko erakundeak elkartuko ditu, esaterako, Iveco, Volvo, MAN, Vectia, Irizar, Siemens edo Alstom; erakunde horiek elkarrekin egingo dute lan, autobus eta kamioietarako potentzia handiko kargagailuen belaunaldi berriak garatzen laguntzeko.

Proiektua pasa den urrian hasi zen, lau urte iraungo du, eta energia biltegiratzeko eta kudeatzeko teknologiak garatu nahi ditu, ibilgailuak kargatzeko denbora murrizteko, ibilgailuen autonomia handitzeko eta hirien eskaera asetzeko.

Assured proiektuaren barruan, IK4-IKERLANek biltegiratze sistemen funtzionamendu egokian eragina duten faktore nagusiak aztertzen eta ebaluatzen dihardu. Besteak beste, bateriek beren bizitza baliagarrian pairatzen duten narriadura edo potentzia handiko eragiketetan izaten duten portaera aztertzen ari da.

Ghost proiektuaren barruan, berriz, zeinak auto elektrikoetarako bateria sistema trinkoagoak, lehiakorragoak eta fidagarriagoak garatzea baitu helburu, zentro teknologikoak biltegiratze hibridoko gailu aurreratuen garapena gidatzen du. Zentro teknologikoak Arrasate-Mondragónen dituen instalazioetan baliozkotuko dira garapen horiek.

Horretarako, IK4-IKERLANeko ikertzaileak sistemaren arkitekturaren diseinuan ari dira, eta baterien kontrolerako gailu berri bat integratzen. BMS da gailu berri hori (Batery Management System).

Ghost proiektuak, FIAT ibilgailu fabrikatzaileak gidatzen duenak, ibilgailu elektrikoen fabrikatzaile nagusietako batzuk biltzen ditu, esaterako, Toyota eta Iveco, bai eta hornitzaile garrantzitsuak ere, hala nola Infineon eta Valeo.

Aurreikusten da proiektuan garatuko diren soluzioak proiektu pilotu bitan integratuko direla. Fiat enpresaren ibilgailu elektriko batean eta Iveco konpainiaren autobus elektriko batean aplikatuko dira.

Lan honi esker, zentroak etorkizuneko gizarte iraunkorrago bat bultzatzearen alde egin duen apustua sendotzen du, munduan dauden etorkizuneko erronka mundialei aurre eginda, esaterako, garraioaren sektorearen elektrifikazio progresiboari eta industri prozesuen portaera energetikoen hobekuntzari.

Potentzia elektronika, etorkizuneko garraiorako beste giltzarrietako bat
 
IK4-IKERLANek, halaber, esperientzia zabala du potentzia elektronikoaren alorrean, eta esperientzia horrek egiten du eremu horretako erreferente teknologikoetako bat izatea. 

Tren sektorea da ezagutza horri probetxu handiena ateratzen dion sektorea. Gaur egun, zentro teknologikoa ikerketa proiekturik adierazgarrienetako batzuetan parte hartzen ari da, esaterako Roll2Rail ekimenean edo ICPT proiektuan, bietan CAF taldearekin elkarlanean. 

Roll2Rail ekimenaren barruan, IK4-IKERLANek trakzio elektrikoko sistema berritzaile bat garatu du trenetarako. Silizio karburozko (SiC) erdieroaleetan oinarritutako gailu bat da, eta, berez, gailuak % 30 txikiagoa izatea, % 20 gutxiago pisatzea eta energiaren aldetik % 50 efizienteagoa izatea ahalbidetzen du, betiere gaur egun erabiltzen diren ekipoekin alderatuta.

Era berean, ICPT ekimenarekin tranbiak hari gabe kargatzeko soluzio bat lortu da. Soluzioa teknologia elektromagnetikoan oinarrituta dago, eta, ohiko metodoek ez bezala, ez du zuzeneko kontaktu elektrikorik behar, ez katenariarik, ez kablerik, ez entxuferik ere trenen edo autobusen bateriak kargatzeko.

Horrez gain, potentzia elektronikak beste sektore batzuetan dituen aplikazioak ere lantzen ari da IK4-IKERLAN beste enpresa batzuekin batera. Esaterako, jasokuntzan duen aplikazioa Orona bere partner estrategikoarekin, aeronautikaren sektorean duena Airbus DSrekin  batera edo energia berriztagarrietan duena Zigor enpresarekin batera.

IK4-IKERLANi buruz

IK4-IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentzian, ikertzaileen espezializazioan eta enpresari balio lehiakorra ematen, besteak beste bere ikertzaileen espezializazioagatik. Soluzio integralak eskaintzen ditu, hainbat eremu teknologiko uztartuz, hiru esparru handitan: Elektronika, informazio eta komunikazioko teknologiak (EIKT), Energia eta Potentzia Elektronika, eta Fabrikazio Aurreratua. 2017an AENORek, IK4-IKERLANeko kudeaketa integraleko sistema ziurtatu du (UNE-EN ISO 9001:2015 eta UNE 166002:2014), honek zentroari I+G+b alorrean duen bikaintasuna aitortzen dio. Gaur egun, langile taldea 300 pertsona inguruk osatzen dute. 

close overlay